Egin dezagun borroka gerra eta fundamentalismoaren
aurka, Bakea eta Justiziaren alde
Askatasunaren lagunok, anai-arrebok,
Duela urtebete, 2002ko Emakumearen Nazioarteko Eguna Afganistan aske eta independentean ospatzeko itxaropena azaldu zuen RAWAk. Urtebete pasa da eta mundua kolpatuta geratu da Afganistanen sorburu duten ekintzekin, historia garaikidea erabat aldatu delarik. Geroztik, gauza asko pasa da Afganistanen -garrantzitsuena talibanen eta Al Kaeda-koen suntsipena izan da-, baina atsekabeturik ikusten dugu nola, nahiz eta aipatutako aldaketak gertatu, zorigaiztoko gure lurra askatasuna gozatzetik urruti dagoen oraindik. Munduan zehar sakabanatuta dauden beste emakumeek Nazioarteko Eguna gogotsu ospatzen duten bitartean, Afganistanen emakumeak oraindik ez dira nahi bezain lasai sentitzen burka madarikatuak kentzeko. Bide luzea daukagu oraindik, gaur egungo egoera eta guk amestutako etorkizun oparoaren artean. Badirudi despota eta banpiro fundamentalistek jarritako kateak modu errazean puskatzeko gauza ez izatea dela Lurreko naziorik txiroenaren patua.
Hain pentsamendu eta gogoeta larriak izanik ere, itxaropenik badugu bestelako etorkizun oparoan. Izan ere, badira 20 urte RAWA elkartea malkoz eta odolez beteriko bide malkartsuan gora dabilela, oldarkor eta borrokarako beti prest. Oso ondo ezagutzen ditugu zeintzuk diren bidearen arriskuak; jarraituko dugu fundamentalismo erlijiosoaren eta hauen nagusien aurka borrokatzen, zeintzuk bakea, demokrazia, aurrerabidea eta emakumearen emantzipazioaren helburuak oztopatzen baitituzte. Lan neketsu honen aurrean ez dugu etsiko.
Nahiz eta fanatiko erlijiosoek New York eta Washington-go eraso beldurgarriak egin ondoren hamaika aldiz adierazi zein den gure iritzia, ez dugu aukera hau galdu nahi berriro ere azaltzeko. Eta honekin Afganistan barruko eta kanpoko RAWAko jarraitzaileen eskaerak betetzea espero dugu.
1. RAWA eta estatubatuarren kanpaina militarra talibanen eta Osamaren taldearen aurka.
RAWAk behin eta berriro esan du nondik datozen talibanak, Osama eta enparauak: afganiarrek errusiar erasoaren kontra egindako erresistentzia-guda eta AEBek gauzatutako politika miopearen ondorio dira. AEBetako gobernu ezberdinek beren intereseko politikak aurrera eramateko egokiak ziren bitartean laguntza eman zieten, ez zituzten aintzat hartu Afganistango herriaren interesak, alde batera utzi ziren laguntza horrek gure herrialdearen eta zonaldearen demokrazia eta askatasunarentzat izango zituen ondorio latzak. RAWAk harro esan dezake beti gaitzetsi duela AEBen politika hau eta inoiz ez duela amore eman presioen edo "tentuz" jokatzeko gomendioen aurrean, ezta politika eta finantza oportunismoaren aurrean ere.
Gure ustez, estatubatuar nazioa herri handia da, giza zibilizazioa eta aurrerabide sozial eta zientifikoaren aldeko izugarrizko ekarpenak egin dituena. AEBetako herriaren kontzientzia lehena izan da minduta agertzen Afganistango bonbardaketen eta hainbat hildako errugaberen sarraskiaren aurrean. Eta horren froga dira AEBetako hiri gehienetan ekintza horren kontra izandako elkarretaratzeak. RAWAn AEBetako jatorria zuten milaka mezu elektroniko jaso ditugu. Bertan gure herriaren aldeko atxikimendua eta biktima errugabeen kontra egindako bonbardaketak gaitzesten dituzte. Beren lagunak eta senitartekoak irailaren 11n galdu dituzten estatubatuar talde batzuk etorri dira bisitan Afganistanera. Bonbardaketetan izandako biktimekiko atxikimendua adieraztera etortzeak bakea eta gizatasunari dioten maitasun adierazle dira, AEBetako herriaren ezaugarrietako bat. Afganistango herriak ez du hori inoiz ahaztuko. Doluan dauden milaka estatubatuar eta atsekabetutako afganiarren malkoak maitasun iturri eta lotura zuzena izango dira bi herrialde horietako gizon-emakumeentzako. Gainera, oso harro gaude milaka ume, gizon eta emakume estatubatuarrek gure elkarteari (estatubatuar gobernu eta erakunde ezberdinek baztertuta utzi izan dutena) emandako laguntza morala eta materiala ikusterakoan. Ezin izango genituzke proiektu asko abiatu aipatutako eskuzabaltasun hori gabe. Beraz, biziki eskertu nahi dugu AEBetako herria eta, bide batez, "RAWA estatubatuarren kontrakoa" dela diotenei erantzun.
Kanpaina militar hau, gure ustez, ez da Afganistanen kontrako eraso edo guda, ezta Islamaren edo musulmanen aurkakoa ere; aldiz, iruditzen zaigu, babesle eta babestu ohien arteko liskarra dela. Nahikoa epelak diren zenbait emakume elkartek diotenari kontra eginez, RAWAren lehentasun politikoa talibanen eta Al Kaeda-koen desagerpen osoa da, baita yihadi hiltzaileena ere. Era berean, gure herri errugabean dagoen odol isuriak eta miseriak, estatubatuarrek Afganistanen kontra egiten duten gudaren aurka jartzen gaituzte. Askotan aipatu izan dugu Nazio Batuek adierazpen bat egin beharko luketela, talibanei eta Al Kaeda-koei dirua eta armak ematen dizkieten herrialde guztiei zuzendua; eta, horrekin batera, NBEk herrialde horiek bultzatu beharko lituzkela Afganistanen fundamentalismoaren kontra eginez eta demokraziaren alde dauden indar guztiei laguntza emanaz.
2. RAWA eta terrorismoaren kontrako guda
Ezin da talde fundamentalista baten kontra egin beste bati laguntza emanaz. Taliban eta Al Kaeda-koen aurkako gerra honetan, AEBek Iparraldeko Aliantza sortu dute eta horretarako zenbait guda-jauntxorekin harremanetan jarri eta armak eman dizkiete. Ondorioz, AEBek gure herriaren etsai gaiztoenak laguntzen dituzte eta azken hogei urteetan estatubatuar gobernu ezberdinek Afganistango herriaren aurka erabilitako politika tiranikoa aplikatzen dute berriro ere. Talibanak eta Al Kaeda-koak akabatzeko ez da nahikoa botere militar eta ekonomikoa. Fronte ideologikoan ere borroka egin behar da. Taliban, Osama eta enparauen ideia eta jarrerek irauten duten bitartean, basakeria ekidinezina izango da berriro ere, Afganistanen edo munduko beste edozein bazterratan. Kriminal gaizto hauen gordelekua setiatzen ari dira Afganistanen. Afganistango indar demokratek gogor borrokatu behar dute taliban, Al Kaeda eta hauen lagun fundamentalisten kontra, gure herrian fundamentalismoa eta terrorismoa desager daitezen. Nazioarte osoaren laguntzarekin, Afganistanen demokrazia ezarriz gero, terrorismoa eta fundamentalismoa garaituak izango dira.
3. Talibanen erortzea gertatu ondoren zein da egoera?
Bonn-en egin zen Afganistani buruzko bileraren helburu nagusiak, talibanen eta Al Kaeda-koen ondoren, trantsizio gobernua eratzea eta epe luzera zer egin erabakitzea izan ziren. Bere sostengua errege ohiari ematen ziotenak kenduta, bileran parte hartu zutenen hiru laurdenetik gora Iparraldeko Aliantzaren ordezkari beldurgarriak eta Golbodin Hekmatyar-ren talde terrorista ezagunaren kideak ziren. Ondorioz, nahiz eta mendebaldeko komunikabideen bedeinkapen osoa izan, Bonn-eko bilera ezin daiteke izan gure herriarentzat bake eta demokrazia seinale. Gure herria ikaratzen duten krimen-egileen eskuetan oinarrizko ministerioak uzteak eta Kabul-en zein beste probintzietan gertatutako segurtasun-arazoek gure aurreikuspen makurrenak berretsi egiten dituzte. Trantsizio-gobernuan bat edo bi emakume egotea (bata Irango erregimenari men egiteagatik ezaguna den alderdi bateko kidea eta bestea gure herriko traizio guztia laburbiltzen duen alderdi bateko burkide ohia) gehiago da afganiar emakumeei egiten zaien iraina, beraien estatutua eta legezko eskubideen berreskurapenaren sinbolo baino. Ez dituzte Afganistango emakumeak aske utzi. New York Times egunkariak ederki laburbildu zuen guzti hau 2001eko azaroaren 19ko edizioan, zortzi seme-alaben ama zen emakume alargun bati buruz "orain behintzat badu eskale aritzeko askatasuna" zioenean.
Egungo egoera honetan, RAWA elkarteak behin eta berriro esan du afganiar herriarengandik datorren boterea izango dela gai bakar-bakarrik fundamentalismoaren aurkako borrokan aurrera egiteko. Historian ez dago inolako aurrekaririk, izan ere, esklabutza eta fundamentalismoaren babesleak izan diren nazio atzerritarrak inoiz ez dira gai izan herri horien askatasuna bermatzeko. Horregatik RAWAk, taliban, Al Kaeda eta bestelako fundamentalisten aurka altxatzeko gonbita luzatu zion behin eta berriro gure herriari, AEBen bonbardaketa eta inozenteen hilketa ekiditeko; talibanen ondorengo Afganistanen inolako banpiro erlijiosorik egon ez dadin ziurtatzeko aurrebaldintza zen hori.
Iparraldeko Aliantzako kriminalek bahiturik dute inolako talde edo indar armaturen babesik ez duen Karzai, baita egoera berean dauden beste zenbait kide ere. Nahiz eta fundamentalista ez izan, Burhanuddin Rabbani eta bere taldearekin kooperatu izan du urtetan. Inguruan dituen kriminalekin elkartuta eta Rabbani bezalako guda- jauntxoei losintxak eginez, etekin politikoak lortuko dituela uste izan du. Zoritxarrez, Karzai-k ez daki, edo ez du jakin nahi, gobernuko ministro garrantzitsuenek krimen larriak egin dituztela gure herriaren kontra; talibanek egindako zitalkeriak baino barkaezinagoak. Karzai-k jakin beharko luke, inmunitate diplomatikoaren babesean, urteetan neurri gabeko aberastasuna, boterea eta drogen legez kanpoko salerosketaren etekinak jaso dituzten Rabbani-ren bandakoak ez direla gobernuko oinarrizko lekuak usurpatzearekin lasai geratuko. Zain egongo dira botere osoa errekuperatzeko unea iritsi arte.
Ahmad Shah Massoud kanonizatzeko Rabbaniren taldearen eginahalek eta haren erretratupean eginiko deiadar politikoek etorkizuneko konspirazioen seinale dira. Rabbani-ren taldeko "zaldunak", "demokrata" bihurtutako fundamentalista ohiak, Abdullah Ozzam edo Osama Ben Ladenen lagun leialak izan dira, talibanen aurretik; denbora luzez bizi izan dira horien mahaitik eroritako apurrak irentsiz. Itxura "zibilizatu" hartu berriarekin, Europako gizonezko modaren parodia dena, lortu dezakete, agian, pertsona batzuen aurrean beraien ezaugarri politiko eta ideologikoak ezkutatzea, batez ere Mendebaldean, baina gure herriaren aurrean ez dute lortuko odolez beteriko eskuak ezkutatzea. Patkia eta Ningarhar probintzietan Jihad-eko fundamentalisten arteko liskarrak; Karih Khalili-ren kurrinkadak Hazarajat eskualdean; Rashid Dostum eta bere gizonen lapurretak Afganistango iparraldean; Ismael Khade-ren gehiegikeriak Herat zonaldean; Rabbani eta bere talde hiltzailearen azpijokoak Badakhshan-en eta abar luzea, etor daitekeenaren seinale baino ez dira. Bakea, demokrazia eta aurrerabidea lortzeko hasitako ibilaldi honetan, "zaldun" guzti hauek tokiz kanpo geratuko dira eta berriro ere saiatuko dira Kabul odolez betetzen, boterea errekuperatzeko asmoarekin.
Abiazio ministro zen Abdurrahman jaunaren hilketa, Karzai errege ohi eta bere lagunei ematen dieten, eta oso sotila ez den, abisua da. Gure herriaren etsai bortitzenek, gaur egun Karzai-ren ondoan daudenek, beren interes kriminalak babesteko egiteko gai diren erakusle txikia. Ahmad Shah Massoud, Abdullah, Fahim jenerala eta Jaimiat-i-Islami taldekoen sekretuak isilpean izango ez zituelakoan, edo horren beldur zirelako, garbitu zuten Abdurrahman jauna. Honen adierazpenek argi eta garbi erakutsiko bailukete jendea engainatzeko mozorrotzen direla.
Karzai jauna: baliteke afganiarrek bigarren Shah Shuja o Babrak Karmal zarela ez esatea, zeren eta oso egoera zailean jarri zaituzte zauden tokian, Golbodin Hekmatyar, Sayyar, Khalili eta antzeko hiltzaileen alternatiba gisa; baina ez dute barkatuko zure induljentzia amaiezina edo yihadi hiltzaileekin duzun hitzarmena, oso leku onean uzten ez zaituen hitzarmena. Zure (eta edozein buruzagi afganiarraren) gaitasuna eta zintzotasuna neurtzeko ezagutu egin behar da zein jarrera duzun fundamentalista eta atzerriko beren buruzagien aurrean, baita demokrazia-printzipioei diezun leialtasuna ere zenbaterakoa den.
Batzuk derrigorrezkotzat jotzen dute Afganistanen nazio-adiskidetzea eta adibidetzat jartzen dute Alemanian zein beste herrietan naziekin egindakoa. Fundamentalisten izaera eta historiala ezagutzen ez bada egin daiteke bakarrik alegoria hau; bestelakoan, horrela jokatuz afganiarrei eskatzen zaiena da beraien senitartekoen hiletetan pozik agertzea. Nola liteke 1992-1996 bitartean basakeria handienak egin zituzten pertsona eta taldeak barkatu eta haiekin adiskidetzeko eskatzea afganiar herriari? Gainera, "zaldun" hauek ez dute inolako damurik agertu garai hartan egindakoagatik; are gehiago, beraien karguetara atxikitzen dira izugarrizko harropuzkeria erakutsiz hainbeste jipoitu duten jendearen aurrean. Nazien alegoriarekin jarraitzeko: lehenik eta behin esan, ez dagoela heriotza zigorrik jaso ez duen nazien buruzagirik; bigarrena, eta garrantzitsuena, akabatuak edo justiziaren aurrean jarri ez zituzten bigarren mailako naziak ez ziren Alemaniako edota munduko beste edozein herriko gobernuetan sartu. Nazioarte-komunitateak jakin beharko luke afganiar fundamentalistek eginiko barrabaskeriak ezin direla konparatu naziek, faxistek edota beste edozein gizabako talde politikok eginikoekin. Doktrina bera segitzen duten beren lagun algeriarrek, jaioberrien lepo mozteak onartzen dituztenek, ez dute, ordea, herrikideen ama, arreba eta seme-alabarik bortxatzen. Eta hau da Iparraldeko Aliantzakoei gehien gustatzen zaien ekintzetako bat, lapurtu eta hil aurretik bortxatzen baitituzte beraien biktimak. Ezin da hain gaiztoak diren kriminalekin adiskidetu, batez ere boterean dauden bitartean. Gaizkile hauek justiziaren aurrera eraman bitartean, Hagako Epaitegian edo beste edozein epaitegitan bigarren mailako kriminalen aurka egiten diren epaiketak (nahiz eta gerra- edo gizateria-krimenak leporatu) parodia hutsa izango dira. Serbiako kriminalak, eta hauen etsaiak, aingerutxoak dira hauekin konparatuz gero. Talibanen eta Al Kaeda-koen aurkako tropen hedapena eta ekintza militarra zuzenak badira, Iparraldeko Aliantzak eginiko krimenen jazarpena nahitaezkoa da Afganistanen bakea, demokrazia eta justizia ezartzeko.
Batzuk galdetzen dute: "RAWAk zergatik ez du Afganistango gobernurik onartzen?". Erantzuna erraza da: boterera iritsi den aurreko edo gaur egungo edozein indar politiko ez delako demokratikoa eta ez duelako emakumeen oinarrizko eskubideetan sinesten. Ezin dugu elkar ulertu urteetan gure herriaren aurkako krimenen arrastoak aurpegian itsatsita dituztenekin.
4. Bakearen etorrera
Kabul, nahiz eta milaka soldadu atzerritar bertan egon, ez da toki segurua. Hala ere, herrialde osoan Nazio Batuen (NBE) segurtasun-indarren presentzia behar-beharrezkoa da. Honela gutxieneko baldintzak bermatuko dira Loya Jirga (Batzar Nagusia), eta are garrantzitsuagoa, nazio-sufragioa deitzeko. NBEaren esku hartzeari kritika asko egin bazaio ere, RAWAk nahiago ditu tropa hauek afganiar herriaren kontra jo dezaketen yihadi psikopata sakabanatuak baino. Hala ere, NBEko tropa hauetan ezin dute egon fundamentalistak ezta guda-jauntxo bortitzak lagundu dituzten herrialdeetako soldaduak ere; adibidez Turkia, Dostum kriminalaren babesle nagusietarikoa izan dena.
5. Inguruko herrialdeak
Badirudi Irango erregimenak, urteetan Golbodin Hekmatyar babestu eta "Txipreko prozesua" bere interesak defenditzeko martxan jarri zuenak, Hekmatyar-ekin zituen harremanak haustea erabaki duela. Hala ere, horrelako erabakiak ezin du inor engainatu. Odolez zikindutako Irango erregimenaren helburu bakarra, Afganistan bateratu ez dadin egiten ari diren maniobra lotsagabeak ezkutatzea da, konfiantzazko morroi diren Ismael Khan eta Karim Khalili-ren egoera indartuz eta babesa emanez. Talibanen porrota gertatu zenean, Irango Vilayat-e-Faqih-ren erregimenaren zimenduak dardar egin zuten. Eta Afganistanen egoera nahasgarri hau mantentzeko, babesleku segurua eskaini zieten ihes egitea lortu zuten taliban eta Al Kaeda-ko kideei.
Gure herriak mendebaldean odol egarriz dagoen erregimen iraniarra izatearekin gutxi ez balu, ekialdean ehunka kilometrotako muga du Pakistanekin. Azken 23 urteetan Pakistango erregimenek Afganistanekiko jarraitu duten politika izan da yihadi kriminalak eta (ondoren) talde talibanak sortzea eta entrenatzea, segituan Afganistango herriaren kontra bidaltzeko. Gaur egungo Pakistango gobernuak neurriak hartu ditu bere herriko alderdi terrorista-fundamentalistak motzean lotzeko, baina RAWAren adierazpen batek salatzen duen bezala, urrats hauek ez dira nahikoak afganiar herriaren konfiantza berreskuratzeko. Behar-beharrezkoa litzateke:
1) Justizia egin eta epaitu egin behar dira talde terroristetako buruzagi eta kide garrantzitsuenek egindako ehunka hilketa, bahiketa, estortsio, tortura eta bestelako krimenak; lehenik eta behin, Golbodin Hekmatyar-en talde kriminala, biktimen senideek burututako epaiketei aurre egiteko sorturikoa.
2) Jamiat-e-Khoddam al Furqan (Koran-aren Zerbitzari Elkartea) elkarteko buruzagi eta kideak, tartean Mullah Abdul Hakim Mujahed, atxilotuak, epaituak eta zigortuak izan daitezela, berpizturiko talde talibana baita.Era berean, Errusia, Tayikistan eta Uzbekistan-eko gobernuek Iparraldeko Aliantzari urteetan emandako laguntza frogatzen duten agiriak entregatu behar dituzte eta, hemendik aurrera, ez diotela laguntzarik emango ziurtatu beharko dute.
6. Afganistan berreraikitzea
Afganistango herriari mesede gutxi egingo dio bilioika dolar bidaltzeak gobernua mafia fundamentalistaren eskutan dagoen bitartean. Gauzak honela, diru etorri honek "Cosa Nostra" erlijiosoaren kutxak ondo beteko ditu eta, ondorioz, Afganistan barruko eta kanpoko plan terroristak finantzatzeko balioko du. Afganistanen moduko herri batean, legezko azpiegitura eta gobernu sasi-demokratikoaren arrasto txikienik ere ez dagoen herrian, gizarte eta ekonomi gai gehienek gai politikoen tratamendua izan behar dute. Afganistango giza eta ekonomi arazoen kudeaketa herriarentzat onuragarria izan dadin, beharrezkoa da gobernu demokratikoa. Eta hau azpimarratu nahi diegu Afganistan berreraikitzen parte hartu nahi duten nazio guztiei.
7. Loya Jirga (Batzar Nagusia)
RAWAren ustez, Loya Jirga ez da gaur egungo bizitza politiko eta zibilaren eskakizunekin bat datorren erakunde demokratikoa. Hala ere, fundamentalisten bizar eta baioneten mehatxuzko itzalak hain gertu dauden honetan, anakronikoa den Loya Jirga-k badu bere funtzio positiboa, maila nazional eta historikoan. Eta hau diogu nahiz eta Loya Jirga Deitzeko Batzorde Prestatzailea osatzen duten 21 kideekin kontuz ibili behar dela jakin, horietako inork ez baitu Jihad-eko gaizkileen aurkako borrokan parte hartu iraganean eta, are gehiago, batzuk hartu-emanak eta konpromisoak izan baitituzte talibanekin. Honelako batzorde prestatzailearekin, Loya Jirga-ren izaera eta gaitasuna zalantzan daude. "Dibertigarria" da ikustea batzorde horretako emakume bat, zorigaiztoko PDPAko (sobietarren laguntzaile izandako alderdia) Parcham fakzioko kidea, Rabbani-ren taldea Kabul-en sartu zenean nola jarri zuten nazioarteko komunikabideen fokuen aurrean. Nor ordezkatzen du emakume honek?
Argi eta garbi dago Lakhdar Barahimi-k dauzkan bertako kontseilariek ez diotela aholku onik eman Loya Jirga Deitzeko Batzorde Prestatzailearen kideak hautatzerakoan, afganiar herriaren desioen kontra egin baita. Barahimi-k jakin beharko luke fundamentalisten kiratsak Loya Jirga osoa kutsatuko duela, "Behin-behineko Agintearekin" gertatu bezala. Eta NBEa izango da berritutako tragedia afganiar honen errudun bakarra, inork ez baitio errua bertako aholkulariei egotziko. Ez da batere egokia, edozein erakundeko kideak aukeratzerakoan, irizpide bakarra izaera etniko-erlijiosoa izatea. Arazo garrantzitsuei aurre egin ahal izateko, talde erlijioso eta etnikoen fundamentalismoaren hatzaparretatik askatu beharra dago. Bestela, litekeena da Loya Jirga-n Afganistango talde tribal, etniko eta erlijiosoen ordezkariak egotea, baina gehienek, denek ez esateagatik, gaitz fundamentalista izango dute. Ez da gauza askorik esan behar horren ondorioei buruz.
"Behin-behineko Agintean" parte hartzen duen emakume batek, etno-chauvinista den alderdi fundamentalistako kide ez dela esaten duenak (gezurra), behintzat onartu du ez duela Afganistango herria ordezkatzen. Ez da garrantzitsua herri baten ordezkari ez izatea kanpoan urte asko eman direlako. Garrantzia duena da zabor fundamentalistarik gabeko burua izatea eta aberri sentimendua duen fronte demokratiko eta aurrerakoian tinko mantentzea, taliban eta Jihad-eko soldaduen aurkako guda ideologiko odoltsuan. Loya Jirga-k ez badu fronte honen papera betetzen, erabaki fundamentalista eta demokraziaren kontrakoak hartzeko tresna gaizto bat besterik ez da izango.
8. Konstituzioa.
1964 urteko Konstituzioa, fundamentalistak alde batera utzita, Afganistango herriaren gehiengoak onar dezake hurrengo emendakin hauekin:
- Baztertu behar dira erlijio ofizialari eta adar herejeei eginiko aipamenak. Hainbat herri islamiarretako konstituzioek ez dute horrelako aipamenik egiten. Zergatik ukatu hain ezaugarri demokratikoa Afganistango Konstituzioari? Zergatik gure erlijioa eta gure adar erlijiosoa errekonozitzerakoan baztertzen dira beste erlijio edo adarrak? Konstituzioak debekatu behar du erlijioaren erabilera helburu politikoak lortzeko eta fundamentalismoa eta borroka erlijiosoaren aurkako oztopo erraldoia bihurtu behar da.
- Laikotasuna eta erlijio eta Estatuaren arteko banaketa. RAWAk behin eta berriro adierazi du fundamentalismoak gure herria suntsi ez dezan, erlijioa eta Estatua banatu egin behar direla. Honelako klausula esplizituak ageri dira beste nazio islamiarren konstituzioetan eta hori ez da arrarotzat edo Islam-aren kontrakotzat hartzen. Beraz, ez dago arrazoirik Afganistango Konstituzioak honelako printzipio demokratikorik jaso ez dezan. Laikotasunaren aldeko deiak "erlijioaren aurkako joera" gisa kalifikatzen dituztenek, ezjakintasunez ez bada, fundamentalisten interesak defenditzen dituztelako da, nahita edo nahigabe.
- Emakume diputatuen aldeko kupo finkoa ezartzea etorkizuneko parlamentuan.
- Tortura eta heriotza zigorraren desagerpena.
Hurrengo batean, RAWAk honen inguruko proposamen landuagoak aurkeztuko ditu.
9. Etorkizuneko Afganiar Estatua
"Behin-behineko Agintearen" osaketa kontutan hartuz, RAWAk uste du ez dela egokia, ezta gai ere, printzipio demokratikoen oinarriak ezartzeko. Nahiz eta Karzai-k demokrazia eta printzipio hauen alde egiteko hitza eman, inguruan dituen demokraziaren etsai ezagunek erabat geratua daukate.
RAWAk dei egiten du printzipio hauetan oinarrituko litzatekeen etorkizuneko Afganiar Estatuaren alde:
- Demokrazia eta honen printzipioen aldeko, batez ere laikotasunaren aldeko, baldintzarik gabeko atxikimendua
- Emakumeen eta hauen janzkera, etab.ei buruzko dekretu eta fatwa-rik egiteko debeku hertsia: hamar urte luzeko emakumeen kontrako ahalegina eta guda basatia ez al dira nahikoa egoera honi amaiera emateko?
- Espioitza zibil eta politikoa, tortura eta erasoa egin izan duen edozein erakunde eta antolakuntzaren erabateko desagerpena (Parchami, Khalqi, Yihadi, Taliban, etab): lotsaren museo bat eraiki beharko litzateke aipatu erregimen horiek egin dituzten zitalkeria guztiak gordetzeko.
- Azken 23 urte hauetan, aberriari traizio, gerra-krimen, giza eskubideen bortxaketa edo ondare nazionalaren lapurretetan parte hartu duten pertsona guztien jazarpena.
- Pentsamendu yihadi eta talibanak bultzatu eta zabaltzen dituzten eskola erlijioso eta terroristen gordelekuak desagerrarazi eta legez kanpo utzi.
- Nazioarteko finantza funts edota Altxor publikoari yihadi eta taliban lapurrek ostutako ehunka miloi dolarrak non dauden jakiteko ikerketa eta berreskuratze lanak egitea: Nawaz Sharif, Pakistango lehen ministro ohiak, Sebghatullah Mojadedi-ri, Afganistango lehen "presidente" yihadi-a, emandako hamar miloi dolarrak barne. Diru hau ez da ezer beste buruzagi yihadi-ek bidegabeki xahututako ehunka dolarrak kontutan hartuz gero, baina, zorionez, frogagiriak daude.
- Kargu publiko izateko baztertzea yihadi eta taliban alderdietako buruzagi gorenak. Era berean, bai Afganistanen bai atzerrian, beraien idazluma eta ahotsa lotsagabeki kriminal yihadi eta talibanen alde jarri (eta jartzen) duten intelektualen bazterketa. Beharrezkoa izango litzateke Iparraldeko Aliantzaren ideologo hauen estradizioa eskatzea Europa, AEB, Kanada edo dena delako herrialdetako agintariei. Prozedura legalak abiarazi beharko lirateke morroi hauen kontra.
Utz diezaiegun RAWAren aurkariei gure kontrako akusazioak egiten, nahi dituzten argumentuak erabiliz. Utz diezaiegun "intelektual" hauei, yihadi eta taliban talde kriminalen zerbitzariei, RAWAren kontrako esamesa nazkagarriak botatzen. Utz diezaiegun ergel hauei esaten afganiar emakumeek, kondizionamendu erlijioso eta kulturalak direla medio, baimendu egiten dutela yihadi eta talibanen Erdi Aroko despotismoa eta emakumeek ez dutela askatasunik eta demokraziarik merezi. Afganistango Emakumeen Elkarte Iraultzaileak heriotzaren kontrako borroka ausarta eta, are gehiago, demokrazia, emakumearen emantzipazio eta boterean parte hartzearen aldeko hogei urte luzeko eskarmentua du. Ez gara kikilduko gure kontra botatako irain eta difamazio misoginoen aurrean. Etsita eta deus gabe dagoen emakume multzo handiak konfiantza ematen digu eta, gure herrian demokraziaren alde dauden gainerako indarrekin batera, ez dugu etsiko gure helburu gorenak lortu arte.
Meena-k galdutako odola ahaztu gabe, inoiz baino tinkoago jarraituko dugu Afganistan aske, aurreratu eta demokratikoaren bila eta gure herriko emakume-legioaren abangoardian borrokatuko dugu. Munduko gainerako emakumeek geure tokian topatuko gaituzte, munduan askatasunaren alde dauden emakume-ejertzito erraldoiaren talde baten moduan.
Eman diezaiegun laguntza Afganistango emakumeei, gerra eta fundamentalismoaren aurka eta askatasuna eta demokraziaren alde egiten ari diren borrokan!
Gora RAWAren elkartasuna, askatasuna maite duten emakume eta munduko gainerako emakume-elkarteekin!
Afganistango Emakumeen Elkarte Iraultzailea (RAWA)
Peshawar, 2002ko martxoaren 8a